XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aberria denentzat eta Bakebidez! Slogan bat bakarrik?

IKUSI eta zer den berriz ere gertatu iparraldeko abertzaleen artean, lema edo oihu zabal hori dugu plazaratzen ari EAko hautagaiek iparraldeko hauteskunde-garai motel huntan.

Alabainan ustea eman nahiko zuketen EB eta EMAko buruek berak direla bakarrik hemen abertzaleak!

Eta zergatik ote hori?

Eta zergatik ere ixiltzen dute bat-batean, bi-biak ezkerreko direla?

Guk EAkoek uste dugu hori ez dela bidea: alde batetik, aberria konfiskatzea alderdikeriak zerbitzatzeko, eta bestetik herritarren aurrean ideologiaren bandera ez agertzea, hau edo hura, bigun egiteko:

Hau erranik, politikaren edukina etika gutien batean oinharritzen balin bada segurik.

Guk uste dugu erdi-egia dena ez dela gezurra baino hobea, bereziki herrigintzan edo politikan.

Bestela errexa da jendearen enganatzea, hau edo hura sinestaraztea eta ez beti onena!

Zer da intoxikazioa gezur bati egia itxura zerbait emaitea ez bada, delako gezur gordea sinesgarriago izan dadin nonbait.

Eta aberriaz axola garela?

Badut duda asko nik ere sinomino horretaz...

Iparraldean, ongi ikusten badut, horrelako metodoetarik aski urrun ginauden, nere ustez, bortizkeria iraultzailearen haizea abiatu aurretik.

Egia da, ordurarte, Amaia fenomeno arraroaz aparte, abertzale mugimendua, orduan bateratua, zabalena eta ezagutuena, batasun gutien batean biltzen zela Enbata oldearen inguruan: orduan aski zabala agertzen zela, abertzale guzien biltzeari ari, Europako Herri zapalduei idekia eta horiekin harremanetan.

Gure egia erratea edo esatea zen orduan gure maila, eta hortik loratu ziren abesti, antzerki, ikastola eta abar... bai eta ekonomian ere, koperatiba gogo, xede eta abar...

Frankismoaren garaiak ziren haiek, demokraziaren ahalbide guziak oinperatuak, denak giltzatuak (ez irrati, ez prentsarik gurea agertzeko eta abar...) Iparraldean ere ez genuen ezer, ez prentsarik, ez irrati ez besterik... gure bultzatzeko.

Bainan, kurioski, ordu haietan, aberriak, Euskal Aberriak bazeukan orduan dei, distira eta maitasun.

Maitagune hoberena, ilusioz betetzen gintuena, kateak hausterat ikusten genuena, hain zoragarri, emankor eta Euskal seme-alaba zintzoen lokarri, etxe eta kantuz betegarri...

Orain aldiz, ai, ba! oraikoaz ari gaitezen, hegoaldeko giroa aldatu denean eta iparraldean ere berdintsu, aberriaren emaitza, lorpen eta fruituez, nonbait gozatzen hasi gareneko (irrati, telebista, argitaldari, ikastola, sindikatu, alderdi politiko libre eta abar...) zertan dugu ote, orain, oraikoan, lehentxeago aberri berdinaz genuen itxura eta lehia?

Ez ote da ordea nagusitu lehenik aberri horren emaitzez baliatzeko gogoa?

Batzuen gose eta klan egoera?

Hots, otsoen legea nolazpait nagusi.

Politika politizianoa nagusi!

Eta gure aberria non?

Noiz goratuko?

Non garatuko, nongo indarrez eta batasunez?

Gobernu haundien tranpak non diren ere ez ikusiz, armei armak altxatuz bakarrik?

Ikusi gabe armen erabiltzeak zertan uzten duen abertzaleen elkartasuna eta elkar-solasa!...

Iparraldean ere, nabari da horrelakorik.

Aberria gauzatu, baliapidetu deneko (udal-postuak edo kultur-alkiak, interesak eta abar...) tirabira naturalak, otso-buru eta otsokumeen legea nagusi, ez hola aitorturik ere...

Hargatik, aberriaz egin daitekeen definizio lehenerat itzuli beharrean gaude gehienak, hain segur.

Aberria ez dela batzuena ez besteena bakarrik, bainan guziena, etxe zaharraren salbatzeko biltzen diren seme-alaba guzien molderat.

Hori bera dugu Iparraldean EAkoek argi utzi nahi.

Hortakotz diogu aberri lanak eta ekintzak denek batera eraman behar ditugula nehor baztertu gabe, ezkerraren, armen arazo eta abar bigarren mailara utziz, klan gogoa aparte utziz bainan ez halere pertsona edo jende konkretuak: Euskaltzaleak, eskuin, ezker edo erdiko abertzaleak.

Hots mahai baten inguruan garela eta hori nahi ez dutenez mesfidatu, borroka guzietan etsaia estremistez, sua darienez, aurrerakoi egiten dutenez baita baliatzen.

Ezagutua da metodoa.

Oso liburu onak badira gai horietaz liburutegi argi guzietan.

Bainan pundu konkreturat etortzeko, iparraldean behintzat, dugun egoerarat, nondik bil gaitezke abertzale guziak mahain sakratu horren inguruan, abertzale batzuen ekintzek eta jokamoldeek mahain hori bera inarrosten balin badute bortizkeria legez, adostasunerat heltzean, dena zapartarazten balin badute, adostasuna ez baita hainbat horien lelo, baizik agintaritza, besteak manatzea, argia edo iluna, ona eta gaixtoa non den erakustea, zinezko sinkretismo batean gogo-bihotz hartuak, behar bada ttipidanik, herri menperatu askotan gertatzen ohi den bezala, marginazioaren legez eta bidez...

Ortzaize horietan gaudeno, gizarte batek nola funtziona dezakeen ez jakin ere, aberriaz minduak bainan aberri lanentzat efikazia bera zer den ahantzirik edo ikasirik, betiko aurkakoak, etsaien buruak bereziki non dauden eta nondik ala ezin da azkenean ikus ere...

Hau haatik ongi ikusten dena, bada, nere iritziz, zerbait sakonik aldaturik Aberri eta abertzale hitzei gaur uzten diegun edukinaz, batez ere abertzaleak irainduz, baztertuz eta gaixtoen pegatinez lotuz.

Ez da harritzeko orduan armak erabiltzearen arrazoia eta herritarren zinez alkartzeko gogoa aski elgarren aurka jarriak direla lanjeroski edo peligroski!...

Frantses eta Espainol sistema-otsoek hori gutienez irabazi dute.

Eta gure seme-alaben nigar, oinaze eta espetxe aldare batzuetan erakustea behar den liturgia sentikor guziarekin ez nahikoa gaurtik, garen kenka trixtean, Euskal Aberri arazoa behingoz aurrera ateratzeko gizatasun eta zorion bideetarat.

MANEX PAGOLA

EA-KO HAUTAGAI KOSTALDEAN